E28: harro gaude garena izan eta maitatzeaz!

E28: harro gaude garena izan eta maitatzeaz!

Hilabetea bere amaierara iristen ari da, eta urtero gisa zita berezia daukagu ekainaren 28an kaleak harrotasunez eta aldarriz janzteko. Aurten, Sexu Askatasunaren Nazioarteko Egunean, Basaurin, inoiz baino arrazoi gehiago ditugu ahotsak altu eta ozen altxatu eta gure nahiak, desirak eta izateak lau haizetara oihukatzeko.

 

Irmo salatu genuen duela aste batzuk herriko gazte baten aurka egindako eraso homofoboa eta ikasturte guztian zehar 1era 2kain egitasmoan landutakoari tiraka, LGTBIQ+ kolektiboaren aurkako edozein eraso salatu eta identitate eta orientazio anitzak aldarrikatzen jarraituko dugu, Basauriko gaztek aske izan eta maitatu nahi dugulako!

 

Halako erasoak, izebergaren punta baino ez dira, eta berebiziko garrantzia du egunerokoan ditugun jarrera matxistak aztertzeak eta isileko konplizitateekin hausteak. Horretarako, hainbat gazte antolatuta daude Basauriko ikastetxeetan bullying matxistaren aurka egin eta nahieran maitatu eta nahi bezalakoa izateko eskubidea aldarrikatzeko. Guk ere bide berean lanean jarraituko dugu, indarkeria matxistaren halako adierazpideek gure askatasunak murriztea beste helbururik ez dutelako.

 

Uda atarian eta ikasturtearen amaieran, gorazarre egin nahi diogu sexu-askatasunari, kolorez marraztu nahi ditugu gure bizitzak eta siglak gorpuztu nahi ditugu. Eraso matxista, homofobo, lesbofobo, transfobo eta abarrek ez dutelako lekurik gure parke, plaza, taberna, etxe eta ikastetxeetan. Harro gaude garena izan eta maitatzeaz.

 

Udara feminista on guztioi eta hurrengo ikasturtera arte!

Pin It