Armairuak eta beste

Armairuak eta beste

“Neskak gustatzen zaizkit”, “neska batekin nabil”, “nire lagun Nahia da nire neska-laguna”, “ez, ez zaizkit mutilak gustatzen”, “nik neska-laguna daukat, ez mutil-laguna”… eta zenbat eta zenbat horrelako gehiago… Heterosexuala izatea araua den gizarte batean etengabekoak dira handik kanpo geratzen direnen armairutik ateratzeak. “Noiz jakin zenuen heterosexuala zinela?”, “Zure gurasoei ondo iruditzen zaie mutil-laguna izatea?”, “Nola esan zenion amonari heterosexuala zinela?”. Harrigarriak dirudite galdera hauek, ezta? Inbertsioaren arauak beti uzten ditu gure gabeziak, aurreiritziak eta fobiak ipurdi bistan. Horregatik gaur, ikusgarritasun lesbikoaren eguna dela baliatu nahi dugu emakume lesbianen, bolleren, maitaleen, sexu-lagunen… armairuak ikusarazi, eta, nola ez, armairu horiek barrutik eta kanpotik lehertzeko. Bazatoz?

 

Asko aurreratu dugun arren, emakumeen sexualitate aske eta autonomoa ukatzen jarraitzen duen gizarte patriarkal batean bizi gara: oraindik ere harreman lesbikoak dira ertzekoak, arraroak edo ez-ohikoak; oraindik ere bi emakumeren arteko suzko muxuek begiradak erakartzen dituzte; oraindik ere lehen begiradan heterosexualtzat hartuko zaituzte lagun berriek, familiartekoek, lankideek, ginekologoek…; oraindik ere behartuko zaituzte lesbiana izanagatik, harreman normatibo eta heterosexualetara hurbiltzen diren praktikak ahalik eta zorrotzen eramatera; oraindik ere armairuak lehertu ahala eraikitzen dira. Horregatik da hain garrantzitsua lesbianak ikusaraztea, errefernteak sortzea, praktika lesbikoak ezagutaraztea, armairuak lehio bihurtzea, eta, nola ez, lesbiana izatea zoragarria dela aldarrikatzea.

 

Izan ere, zapalkuntzak ikusaztea beharrezkoa den neurri berean, beharrezkoa da orientazio disidenteak gatazka edo arazoen iturburu bezala ez ulertzea. Lesbiana izatea inoiz gertatu zaizun gauzarik ederrena izan daiteke. Zeure desirak entzun eta haren neurrietan bizitzea, geure buruei zor diogun gutxienekoa baita. Geure buruei, eta geure aurretik borroka honetan aritu diren emakume guztiei zor diegu armairuetatik at aske gozatzea, maitatzea, muxukatzea eta larrua jotzea!

 

Lesboforiarik ez! Izan zaitez lesbiana!

 

Ilustrazioa: Berexiart

Pin It