Zientzian ere bagaude

Zientzian ere bagaude

Emakume eta neska zientzialarien nazioarteko eguna izan zen otsailaren 11an. 2005. urtetik aldarri eguna bilakatu da, zientzian aritu diren eta aditu diren emakumeak ikusarazteko, eta hauen lana aitortzeko eguna. Aldarrikatzeko eta mitoak deseraikitzeko egun bat baino gehiago izan ditugu hilabete honetan: emakumeen eta neska zientzialarien eguna, maitasun erromantikoa borrokatzeko aitzakia, eta, soldata berdintasuna aldarrikatzeko datak ditugu, baina lehen horri erreparatu nahi izan diogu gure azken postean.

Izan ere, zergatik ez ditugu emakume zientzialariak ezagutzen? Zergatik da beharrezkoa, oraindik ere, emakume zientzialarien nazioarteko eguna? Bada, iraganeko emakume zientzialariak ezagutu eta aitortzeaz gain, datozenei eta etorriko direnei ere bidea irekitzeko.

 

ZIENTZIAz letra larriz hitz egiten dugunean, irudi argi bat datorkigu gogora: gizon, zuri, heldu, bata-zuridun, bizardun, betaurrekoduna. Ziur aski, probeta batekin eskuan, edo zenbakiz inguratuta.

ilustracion vector cientifico 22830 9

 

Hori da, historikoki iritsi zaigun iruditegia, horri deitu izan diogu zientzia. Zientziaren ikuspegi murriztaile hori bera ere izan da, nolabait, emakumeak bazter utzi dituena. Izan ere, emakumeek betidanik sortu eta asmatu dute, beti egin izan dituzte aurkikuntzak, baina emakumeen esparruan (feminizatuan) egindakoak ez dira inoiz ZIENTZIA letra larriz izendatu. Bestalde, gizonen mundu matematiko, teknologiko eta zientifikoan bidea irekin zuten emakume izen horiek ahaztu egin ditugu, edo ahaztarazi dizkigute (kasu askotan, beraien ideak bere egin zituzten lankide-gizon, edo senargaiek); horregatik guztiagatik da garrantzitsua urtean egun batez baino, egunero gogora ekartzea, eta haien izen eta lanak aldarrikatzea.


Jarraian bildu ditugu zientzia egin zuten emakume handi batzuen izenak, nahiz eta, asko geratzen diren izendatzeko: Caroline Herschel astronomoa (1750 – 1848), Ada Lovelace (1815 – 1852) eta Maryam Mirzakhani (1977-2017) matematikariak, Marie Curie (1867 – 1934), fisikaria eta kimikaria, Rosalind Franklin (1920 – 1958) fisikaria, Segenet Kelemu (1957) fitopatologoa, Margarita Salas (1938 – 2019) eta Elizabeth Blackburn (1948) biokimikariak, Flora de Pablo (1952) medikuntzan doktorea, Maria Jahoda (1907-2001) psikologa soziala, Charlotter Bühler (1893-1974) garapenaren psikologian aditua, edota Frorence Nightingale (1820-1910) erizaina.


Hala ere, gogoan izan behar dugu ez direla emakumeak soilik historia liburuetatik desagertu direnak, baizik eta gizon, heldu, zuri ez den oro gelditu dela zientzialari etiketatik kanpo. Beraz, aldarrika ditzagun ertzetako gorputz horiek guztiak, eta ekarri ditzagun gure eskoletako esku-liburuetara. Ezagutu eta aitortu ditzagun. Hautsi ditzagun zientzia eta zientzialarien figura elikatzen duten estereotipo guztiak, historian ditugun emakume anitzak irudikatuz bide askok irekitzen direlako etorkizuneko zientzialarientzat, hau da guretzat: mundua aurkitzera, ezagutzera eta asmatzera goaz. Bidean aurkituko gara!

Pin It