
Plazerraren bila!
Oraindik ere askotan tabua da sexualitateaz hitz egitea, batez ere, emakumeen plazerraz jardutea. Zenbat hobe sexuaz gehiago hitz egingo bagenu. Ohartuta sexualitatea jaiotzen garenetik hiltzen garenera zeharkatzen gaituen zerbait dela, burutik hasi eta larrura doana, azalera, gorputzera.
Masturbazioaz hitz egingo dugu post honetan, hainbat mito desmuntatu eta hainbat galdera erantzuteko asmoz. Bazatoz gurekin?
“Normala” da masturbatzea? Jakina baietz, aukera bat da geure buruak ezagutu eta haiekin esperimentatzea, ikastea, eta, batez ere, gozatzea. Ez da lotsatzeko moduko ezer, gehiengoak egiten du eta norberaren desioak ezagutu eta gozatzeko aukera eskaintzen digu. Masturbatzeko ez dago gida-orri edo denentzat baliagarria den jarraibiderik, nork bere plazerra eta gozamena topatu behar ditu, ez dago modu on edo txarrik. Gorputz beste plazer emateko eta jasotzeko modu daude, nork berea topatu behar. Hala ere, normaltasunaz ari garenean, zeri buruz ari gara? Zer da normala? Eta zer esan nahi du normaltasunetik kanpora egoteak?
Zergatik da garrantzitsua geure gorputzak ezagutzea? Gorputzek genitaletatik haratago hainbat plazer-gune dituzte, eta gune-erogeno horiek estimulatzeak gozamena nabarmen areagotu dezake. Izan ere, sexuaz gozatu ahal izateko garrantzitsua da nork bere burua ezagutzea, eta zer gustatzen zaion jakitea.
Masturbazioari buruz hitz egin dugu orokorrean, baina zer gertatzen da emakumeon plazerrarekin? Neskak masturbatzen dira? Bai, noski. Mugimendu feministak urte luzez borrokatu du eta dihardu gaur egun ere borrokan halako klitxe eta tabuekin hausteko eta emakumeen gozamen, plazer eta desirak bistaratzeko. Emakumeen sexualitatea tabu handi bat izan da urte luzez, eta horren ondorioetako bat da Paola Damontik orgasmo-arrakala bezala azaltzen duen hori. Haren ikerketen arabera harreman heterosexualak dituzten emakumeen %80k ez du orgasmorik izaten koitoan, eta askok antzeztu egiten dituzte orgasmoak. Baina zergatik gertatzen da hori? uste du horren atzean emakumeek (eta, baita gizonek ere) beraien plazerraren eta gorputzaren ezagutza falta dagoela. Izan ere, askotan, oraindik, bagina (edo sarketa) soilik erabiltzen da estimulazio iturri gisa. Hala ere, pixkanaka hari da hau aldatzen eta zorionez gero eta emakume gehiago dira beraien gozamena bilatzen dutenak, euren gorputzak ezagutuz eta haiekin esperimentatuz!
Baina, hala ere, zer dakigu klitoriaz? Badakigu zer den? Non dagoen? Zertarako balio duen? Klitoriak gaur egun oraindik ere ezezaguna izaten jarraitzen du, tabua. Klitoria plazer emari ederra da, nerbio sistema asko dituena eta gozatzeko aukera ederra eskaintzen duena. Gehiago jakin nahi duzu? Ez izan zalantzarik eta jarri harremanetan Marieneako sexu informazio bulegoarekin.
Plazerrak mila txoko ditu, desioak mila aurpegi, nork berea aurkitzean dago gakoa!
Ilustrazioa: Uxue Bereziartua (Berexiart)