
BASAURIKO XI. BELDUR BARIK LEHIAKETAKO SARI-BANAKETA
Azaroaren 23an, arratsaldeko 19:00etan, Basauriko Beldur Barik lehiaketako sari-banaketa ospatu da Marienean. Bertan banatu dira Basauriko 2. eta 3. kategorietako sariak: 2. kategoriako lan irabazlea Nola heldu gara gaur egungo idealetara? izan da (Nahia Santibáñez, Irune Barrenechea, Olaia Pérez, Ander Odriozola, Ander Méndez, Jokin Abrisketa eta Urko Garriga) eta 3. kategoriakoa berriz, 24 ordu Peru Arregirekin (Ane Cenecorta, Ane Martinez, Irene Orol, Olatz Peña eta Ane Zugaza). Uribarri Institutuko ikasleak dira lehenengoak eta unibertsitatean dabiltza bigarrengoak. Bideoetan, besteak beste, edertasun kanonak, estereotipoak eta emakume eta gizonen arteko tratu ezberdintasuna bezalako gaiak landu dituzte.
15 lagun inguru bildu dira Marienean, bideoak ikusi, sariak banatu eta photocall-ean parte hartzeko. Asier Iragorri Basauriko alkatea eta Isabel Cadaval Berdintasun zinegotziak banatu dituzte XI Berdur Barik edizioko sariak. Bideoak ikusi aurretik egileek lanaren nondik norakoak aurkeztu dituzte.
Covid-19ak sortutako egoera berezia dela-eta, ezin izan da aurreko urteetan bezala ekitaldi irekirik egin, ez-eta meriendarik ere. Dena den, arratsalde ederra pasa dute 2 eta 3. kategorietako irabazleek Marienean, eta Beldur Barik jarrera sustatzen jarraitu eta azaroaren 25eko ekitaldietan parte hartzeko deia luzatu diete herritarrei.