Fobien aurka, berriketan

Fobien aurka, berriketan

Uribarri institutuan urte hasieratik antolatuta lanean dihardu gazte talde batek, Femix izenpean. Berdintasuna eta aniztasuna aldarrikatzen eta arrazakeria eta bullyinga salatzen hainbat ekintza egin dituzte urtean zehar, eta ikasturteari amaiera emateko LGTBIQ+ fobiaren aurkako egunean, gairen inguruko tertulia antolatu dute.

 

Horretarako, 1. DBH-etik hasi eta Batxilergora arteko ikasleak berriketan jarri ditugu beraien zalantzak argitu, esperientziak kontatu, usteak konpartitu eta elkarrekin ikasiz gaian hazten eta hezten jarraitzeko.

 

Bideo batekin sarreratxoa egin ondoren, segituan hasi dira mihiak astintzen: zenbat esperientzia kontatzeko, zenbat zalantza argitzeko…

 

WhatsApp Image 2021 05 19 at 08.14.44 1

 

Ez zuten laguntza handiegirik behar izan, baina zer hobe hizketaldia sustatzeko artea baino? Mahaietan banatuta Fernando Altamira Basterretxea ikerlariak eta sexu- eta -genero disidenteak mundua eta bere burua arakatzeko egindako hainbat collage utzi genizkien. Irudiak beraien modura interpretatu, eta gaiari heltzeko aitzakia izatea zen asmoa. Horrekin batera, LGTBIQ komunitateko hainbat jende ezagunen bibliografiak ere eskura zituzten. Eta ederki funtzionatu zuen!!!

 

Publicación de Facebook Marrón Collage Liso

 

Armariotik irteteko nahia, emakumezkoen orgasmoak, estereotipoekin eta genero rolekin haustea, pluma… kontzeptu ugari ikusi zituzten han-hemen. Eta, zalantzarik gabe, ideia argiak atera dituzte ikasleek tertuliatik: errespetuaren garrantzia, nork bere izaera eta desioak hautatzeko eskubidea, fobiaren aurrean eduki beharreko intolerantzia…

 

Espazio aske eta seguru batean gustura sentitu ziren beraien bizipenak kontatzeko, kontrastatzeko eta konpartitzeko, eta institutuari hainbat eskari ere egin zizkioten: formakuntza (LGTBIQ+, feminismoa, arrazakeria…) eta klaseak giro on eta askean ematen ahalegintzeko beharra.

 

Uribarri institutuko ikasleak prest daude LGTBI fobiari aurre egiteko! Bejondeizuela!

Pin It